1.1.- Jatorria eta bilakaera

27 Industrialdea 1960ko hamarraldian sortu zen; orduan hasi ziren hiriguneko zenbait espresa garai hartan landa ingurunea zen toki batean finkatzen, eta hura izan zen aurrerago industrialde bihurtuko zenaren muina. Enpresa aitzindariak garai hartako baserriekin batera bizi izan ziren hasieran, Torrua Zahar, Balerdiene, Bolañene, Mateo, Ayenas eta Ubarburu baserriekin batera, hain zuzen. Azken baserri horren izena du Industrialdeko bide nagusiak, Ubarburu Pasealekua, eta, hedaduraz, Industrialdeak berak, Ubarburu Industrialdea izenez ezaguna baita.
1970eko hamarralditik aurrera, hiriguneko jarduerak beste toki batzuetan kokatzeko premia sortu zen, eta premia horrek bultzatuta, inguru haren garapena asko bizkortu zen. Hango lurzoruarekiko interesak nabarmen egin zuen gora eta egoera ekonomikoa nahiko ona zenez, lehenengo hirigintza lanak egiten hasi ziren. Hala, Erraki erreka bideratu izanari esker, esaterako, pabiloiak eraiki ahal izan zituzten behe ibar urrunenetan.

1980ko hamarraldian ere, industria bilakaera handia gertatu zen inguru horretan eta, horrekin batera, hornidura eta ekipamendu berrien premia eta eskariak sortu ziren. Bereziki aipatzekoa da Urumea ibaiaren gaineko zubiaren erakuntza. Zubi hori Torrua Zahar edo Lugañene izenez ezaguna da, inguruko baserrien eraginez, eta 1993ko urriaren 29an ireki zuten ibilgailuentzat. Une hartan egin ziren hirigintzan egin ziren berrikuntzak –zubia bera, saneamendua eta ur hornidura, argiztapena, telefono sarea kanalizatzea, etab.– industrialdeko jabeek ordaindu zituzten, %50ean.